XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eskerrak ematen dizkiogu Donostiako Jaione Madinari, bidali digun ipuina benetan irakurgarria iruditu zaigu eta.

Arazo bat izan dugu, ordea, Jaionek prestatu duen lanarekin.

Lehiaketari hasera eman genionean, lanen luzera bi orrialdetara mugatu genuen, egunkariaren tamaina eta irakurgarritasuna zirela eta.

Jaionek idatzitakoa, berriz, luze samarra gertatzen zen, eta, bi ataletan banaturik zegoenez, lehenengo atala izan daitekeena ematen dugu gaurkoan argitara.

Niri gertatutakoa Txikia nintzenean, nire amonak kontu asko kontatzen zidan.

Batzuk ez ziren gure gustokoak izaten, beldurra ematen zuten eta.

Baina nola gu hirian bizi garan, beti eskatzen genion bere herriko historiak kontatzea.

Bera baserrian bizi zen txikia zenean, eta hura bai zela mundu interesgarria....

Askotan kontatzen zidan mendiko damaren kontua.

Euria egiten zuenean, eta trumoiak zeudenean, mendi batetik bestera su bola bat pasatzen zen, eta barruan, sua joan beharrean, dama bat joaten zen, mendi batetik bestera oso azkar.

Igande batean, aitarekin eta amarekin mendira joan ginen, Ernio izeneko mendira.

Goizean eguraldi ona egiten zuen, baina arratsaldean euria hasi zen, eta goitik behera hasi ginenean trumoiak ere bai.

Aitak esan zuen orduan agertuko zela mendiko dama.

Amonak aitari ere kontatzen dion kontu berdina aita txikia zenean, eta horregatik akordatzen zen nire aita mendiko damarekin.

Nire amak beste kontu batzu entzuten zituen txikia zenean, eta horregatik ez zuen sinisten mendiko damarekin eta horrelako gauzarekin.

Nire aitak farrez esan zuen aterako zela mendiko dama, baina niri ez zitzaidan gustatu gauza hoiekin bromak egitea.

Oso serioa zela pentsatu nuen su-bola batean dama bat ibiltzea mendi batetik bestera.

Euria gogorra zen eta txabola batean sartu ginen ez gehiegi bustitzeko.

Han zeuden egur batzuk hartu eta sua egin zuen aitak.

Mendian ez zegoen inor ere, mundu guztiak euria egiten zuela ikusi zuenean behera jaitsi zelako.

Baina nire aita zoro samarra da gauza horiekin, eta abentura bat izango genuela esan zuen.

Amari ez zitzaion asko gustatzen abentura hura, baina ez zen gehiegi aserretu, eta txabolan sartu ginen hirurak euria pasatzen zen artean.

Txabola irekita zegoen baina osoa.

Ateak eta lehioak zeuzkala esan nahi dut, ez zegoela puskatuta.

Sua atearen ondoan egin genuen, kea barruan ez gelditzeko tximenea puskatuta zegoelako.

Eta suaren ondoan eseri ginen, atearen aurrean.

Horrela, kanpoan pasatzen zen den-dena ikusten genuen, baina busti gabe.

Denbora asko pasatu genuen han, eta euria ez zen gelditzen.

Gehiago egiten zuen, egia esan, eta haize fuertea hasi zen jotzen, eta trumoiak eta tximistak.

Arratsaldeko bostak edo horrela izango ziren, eta gaua zela ematen zuen.

Aspertuta, zerua begiratzen hasi nintzen.

Ze gauza polita! Tximistak argizko arrastoak egiten zituzten, eta aizeak lainoak mugitu egiten zituen.

Oso beldurtia naiz, baina ez neukan orduan beldurrik.

Orduan, argi bat ikusi zuen mendi puntan.

Ez zen tximistaren argi zuzena, argi hura borobila zen, zuek nahi duzuen pertsonaia bezala, borobila.

Eta ez zebilen azkar-azkar (tximistak ia ez ziran ikusten).

Momentu batetan, zintzilik bezala gelditu zen mendiaren puntan, globo bat bezala.

Gero, belozidadea hartu zuen eta rass pasatu zen txabolaren gainetik, beste mendi baten atzean ezkutatu baino lehenago.

Nire aitari ez nion ezer esan.

Baino nik su-bola hari ile luzea bezala ikusi nion, dama aurpegia zeukala pentsatu nuen... Niri gertatutakoa da. Hala bada ez bada....